Pedro Arrupe
Pedro Arrupe
2010ko irailak 05

VENI CREATOR SPIRITUS


Jauna, zure Espirituaren premian nago!,
jainkozko indar hori,
hainbeste giza pertsonalitate eraldatu dituena,
keinu harrigarriak egiteko
eta bizitza harrigarriak bizitzeko gai eginez.

Emadazu Espiritu hori,
Zuregandik etorri eta Zuregana joanez,
Santutasun betierekoa,
Espiritu Santu bat da.

Israelgo epaileak, espero gabe,
aurrez prestatzeko ezer egin gabe,
ezetz esateko ahalmenik gabe,
herrixketako seme xume,
Sanson, Gedeon, Saul…,
Zuk aldatu zenituen bat-batean eta oso-osorik.

Gai izan ziren
ez adore eta indar harrigarrizko keinuetarako bakarrik,
baizik nortasun berri batez
izan ziren hornituak,
eginkizun hain zaila burutzeko gai sentitu ziren,
herri bat askatzeko hain zuzen ere.

Zure eragina, haiengan, barrukoa izan zen,
batzuetan irudien bidez adierazi arren,
Zure eragin bat-bateko eta harrigarria azpimarratzen dutenak.

Sansonen aurka oldartu zinen
hegazti harraparia bere ehizakiaren gainera bezala,
Gedeon armadura batez bezala jantzi zenuen.

Nire misioaren zailtasuna nabarituz,
zure ekintza oso sakona
nahiko nuke nire ariman:
ez soilik bertara jaisteko, baizik niregan pausatzeko,
hainbat hautaturi banatu zenizkien
dohainen altxorrak ematea niri ere:
jakinduria eta argitasuna,
Besabeli eta Salomoni bezala;
aholkua eta indarra Dabidi bezala;
Jainkoaren ezagutza eta errespetua,
hau izan baitzen Israelgo arima santu askoren ideala.

Dohain horiek irekiko dute Lagundiarentzat
zorion eta santutasun aro bat.

Emadazu Profetei eman zeniena:
nire izaki txikiak protesta egin arren,
goreneko presio batez hitz egitera behartua senti nadin.

Haiengandik zetorren hitz hura,
ez zen haiengandik sortua,
zure hitza zen,
zure Espirituak bidaltzen zituen
eta ez zen nortasun berri bat eragitera mugatzen,
ekintzaren mesedetan,
baizik beraren zentzua eta sekretua azaltzen zituen;
zure Espirituarena,
adimena eta indarra soilik ez,
baizik Jainkoaren eta bere bideen ezagutza dena.

Emadazu, bada, indarra,
bere bidez hiru Profetei ez baitzenien zure hitza ireki bakarrik egin,
zure aintza ezagutzera emateraino,
baizik zutik iraunarazi zenituen
herriari hitz egin eta beren zortearen berri emateko.

Nire izatearen barruan
Zuk intziria eragiten duzun ahots horrekin,
Zeure jario ugaria eskatzen dut,
lur egarrituari bizia itzultzen dion
euri mardularen antzera,
eta hezurdura idortuak biziarazten dituen
bizi-ufadaren antzera.

Emadazu dena arakatzen duen Espiritu hura,
dena iradokitzen eta dena erakusten duena,
indartu egingo bainau
oraindik jasan ezin dudana jasateko.

Galileako arrantzale xumeak
eraldatu zituen Espiritu hura,
zure Elizaren zutabe  eta Apostolu eginez,
biziaren holokaustoarekin
beren senideekiko maitasun testigantza nagusia emateraino.

Honela, jario bizigarri hau,
bihotz eraldatuen
sortze berri baten antzera izango da,
Aitaren ahotsa entzuteko sentikor direnak,
haren hitzari berezko leialtasuna diotenak.

Honela, leial aurkituko gaituzu berriro,
eta zure aldetik ez diguzu zure aurpegia ezkutatuko,
zure Espiritua isuriko baituzu gure gainera.

Jabetzen naiz hori gertatzeko
Aitarena bezalako maitasuna behar dela,
berak parte hartzea.

"Zeu, zara Jauna, gure Aita! …
Zergatik utzi diguzu zure bideetatik aldentzen?...
Ai! Zerua urratu eta jaitsiko bazina!" (Is 63, 16-19)

Hori izan zen behin betiko adierazpena:
zeruak irekita, ikus zitekeen Jainko Aita,
Jainko Seme bat
gizon eginez lurrera jaitsi zena
mundua salbatzera:
"misterio hau ez zitzaien
iragandako gizaldiei jakinarazi"... (Ef 3, 5)

"Horregatik, belauniko jartzen naiz Aitaren aurrean" (Ef 3, 14)
¡Veni, Sancte Spiritus!

"Hau guztia egia dela baieztatzen duenak dio:
Bai, laster nator. Amen! Zatoz, Jesus, Jauna".
"Jesus Jaunaren grazia zuekin. Amen!". (Ap 22, 20-21)

Munduaren alde onari begiratzen erakutsi zigun